SURFaren hastapenak.
Ez da batere erraza surfa non eta noiz hasi zen esaten. Surfaren
hastapenak Afrika mendebaldean eta Peruko hegian kokatzen
dituzten zenbait teoria egon arren, Polinesian eta Ozeano
Barean dauden hegoaldeko irletan hasi zela esan ohi da.
Polinesiarrak
izan ziren irlaz-irla taularen gainean arraunean ibiltzeko ohitura
Hawaiiar irletara eraman zutenak. 1778an kontatzen du Cook kapitainak
bertako jendea nola ibili ohi zen egurrezko taulekin olatuak
hartu eta maisuki mugitzen. Garai hartan Hawaiiko gizartean
oso txertatuta zegoen zerbait zen, biztanle orok egiten zuen
eta beraientzat olatu handietan ausardia erakusteko edo norgehiagoka
aritzeko modu bat zen. Taula onenak eta handienak gizarte hartako
pertsona garrantzitsuenentzat gordetzen ziren.
Mendebaldeko gizon zuriaren etorrerarekin gehiegikeriak eta
gaixotasunak ugaldu egin ziren eta bertako jende asko hil zen.
Elizak debekatu egin zuen surf egitea, moral kristauarekin bat
ez zetorrela argudiatuaz. XIX. mendearen erdialdera oso gauza
bitxia zen norbait surf egiten ikustea. Soilik, talde bakan
batzuek eta irlaz-irla ibili behar zuten emakumeek gorde zuten
ohitura hau bizirik.
XX.
mendearen hasieran berpiztuko da surfa Hawaiien Duke Kahanamokuren
eskutik. Kanoa arraunlaria eta soroslea zen gizon honek eman
zuen kirol hau aditzera munduan zehar. 1911an historiako lehen
surf elkartea sortu zuen Honolulun, Hui Nalu izenekoa. Surflari
on bat izateaz gain igerilari aparta zen, 1912an Helsinkiko
joko olinpiarretan garaile izan zelarik eta baita 1920an Amberesen
ospatutakoetan ere, bere igeri egiteko crawll estilo berriarekin
garaiko igeriketari bira emanaz. Gaur egun surf modernoaren
aitzindaria bera dela esaten da.
1935ean
Tom Blakek lema gehitzen dio surf taulari eta birak hobeto egiteko
aukera ematen du. Australiarren eta Kaliforniarren aurrerapen
teknologikoei esker taula arinagoak eta aldi berean gogorragoak
egin ahal dira eta honek eragin ikaragarria izango du surfaren
bilakaeran. Horrela, 60. hamarkadaren amaieran Australia eta
Kalifornia izan ziren surfaren munduko bi erdigune nagusiak.
Europara
Miarritzetik egiten du bere sarrera kirol honek 1957 urtea inguruan.
Surf modernoaren bilakaera 70 eta 80 hamarkadetan emango da
Australian, surf egiteko estilo berri bat zekarren Nat Young,
edo egun erabiltzen den hiru lemako sistema asmatu zuen Simon
Anderson bezalako surflarien eskutik.
Kirol honek izan duen gorakadaren ondorioz, gaur egun mundu
osoan zehar 20 milioi surflari daudela kalkulatzen da.
Zarauzko
Surf Eskolaren ibilbidea:
·
1991n sortu zen Zarauzko Surf Eskola
(ZSE). Hasiera batean, malekoi ondoan zegoen txabolatxo
bat zen (mirata ondoan).
· 1994ean, malekoi berriaren eraikuntza
lanen hasierarekin batera Zarauzko Surf Eskolaren lehen
leku aldaketa eman zen. Miratatik Berazara mugitu zen
txabola. Urte honetan bertan hasi zen lanean Haritz Larrañaga.
Ordutik Mikel Troitiñorekin batera jardun da elkarlanean.
· 1995ean, berriz ere, eskolaren
leku aldaketa eman zen: Berazatik Borgetora.
· 1996an, txabolarik jartzeko
aukerarik ezean egoitzarik gabe jardun zen Zarauzko Surf
Eskola.
Urte honetan bertan Zarauzko Surf Taldea eta Zarauzko
Surf Eskolaren arteko elkarlan hitzarmena gauzatu zen.
· 1997an, Zarauzko Surf Eskolak
udala hondartza garbitzeko erabiltzen zuen egoitzan eskaini
zituen bere ikastaroak.
· 1998an, surflarientzako egoitza
inauguratu zen Argiñano jatetxearen azpian Zarauzko
Surf Eskolak egindako proiektuari ezker.
· 2002ko udazkenaz geroztik neguko
hobekuntza ikastaroak ematen dira.
· 2003ko udan Zarauzko Surf Eskolak
ez zuen ikastarorik eskaini; izan ere, Prestige itsasontzia
ondoratu ostean politikarien arduragabekeria ezin okerragoaren
ondorioz gure itsas ertzetan egoera tamalgarria zen. Informazio
eskasiak zuhur jokatzera behartu gintuen eta egoera hartan
ikastaroak eskaintzeak ekar zitzakeen ondorioak zitezkeen
ez genekienez gauzak argitu artean eskola ixtea erabaki
genuen.
· 2005ean, gaztelerazko lehen
DVDa argitaratu zuen ZSEk, Aprendiendo a coger olas.
· 2007an, gaztelerazko bigarren
DVDa argitaratu zuen ZSEk, Maniobras básicas del
surf . Urte berean Zarauzko surfaren historiari buruzko
liburu bat argitaratu zen Uhinek ekarriz dutena. Proiektu
honetan ere esku hartze zuzena izan zuen.
· 2008an, bi DVDak hobetu eta
euskaraz kaleratu ziren liburuxka batekin: hastapen ikastaro
didaktikoa, hobekuntza ikastaro didaktikoa eta uhinekin
jolasean.
Baita ere, ZSEk egoitza berri bat egokitu zuen erronka
berriei hobeto erantzuteko xedearekin. Egoitza berria
Zarauzko Donibane plazan aurkitzen da.
|
|